HEZKIDETZA

GENERO INDARKERIARI AURRE EGITEKO, GATAZKAK EBAZTEKO ETA HEZKIDETZA LANTZEKO PLANA
 
Ikastetxean beharrezkoa ikusten dugu haur eta gazte oro eskolan seguru sentitzea, espazio horretan ikas dezaten, libre eta berdintasunean hezi eta sozializatu daitezen. Hori dela eta, gure eskolan gatazkak saihesteko eredu dialogikoa aukeratu dugu.
Gatazkak saihesteko eredu dialogikoa ebidentzia zientifikoan oinarritzen da eta indarkeria saihesteko emaitzarik onenak eta eraginkorrenak lortzea du helburu. Eredu honek, beraz, elkarbizitza hobetu dezake, bai eskola barruan, bai hezkuntza-komunitatean.
Horregatik gure ikastetxean hezkidetza eta elkarbizitza plan bateratu bat lantzea erabaki dugu. Genero bortizkeriaren prebentzioa eta berdintasuna ikastetxean landuko da eta elkarkidetza zein solidaritatea bultzatzen dituzten antolaketak eta metodologiak burutuko dira.
 
Printzipioak
 
Elkarrizketan oinarritutako sozializazio-prozesu positiboak bilatzeko, ondoko printzipioak izango ditugu kontuan gure lanean:
Indarkeria zero, zero urtetik hasita.
Biktimekiko elkartasuna, babesa eta lagunen arteko hezkuntza.
Isiltasunaren legea hautsi.
Ez, ezetz da.
Berdintasunean oinarritutako erakarpen – ereduak.
 
Hezkidetza planaren zenbait ekintza
 
Elkarbizitza araua: urrats jakin batzuei jarraituz, ikas komunitateko kideek elkarbizitza hobetuko duen arau bat adostu eta garatuko dute.
Ausarten Kluba: Gela bakoitzak Ausarten Kluba izango du. Eraso baten berri ematen duen ikaslea ausartzat hartuko dute eta ez salataritzat. Gainera, biktima babestuko dute eta indarkeria-jokabideak gaitzetsiko dituzte.
Hezkuntza-komunitatearen formazioa.
 
Metodologia eta antolakuntza
 
Ikastetxean eta geletan erabiltzen dugun antolakuntzak eta martxan dugun praktikak berdintasunean parte hartzea bideratzen dute. Aurrerantzean, hezkidetza eta elkarbizitza ikuspuntutik burutzen ditugun ekintza arrakastatsuak indartu eta hobetu nahi ditugu: Tertuliak, talde elkarreragileak, komisio mistoak, hezkuntza-komunitatearen formazioa…