ESKOLAKO AGENDA 21

Zer da?

      Ikastetxearen jasangarritasunerako eta kalitaterako hezkuntza-programa bat da. Komunitatearen partaidetzan oinarritzen da, eta udalerriko garapen jasangarrian esku hartu eta laguntzen du. Ingurumen-hezkuntza programa bat denez, ingurumen-arazoen konponbidean parte hartzeko ezaguera, gaitasuna, jarrera, motibazioa eta konpromisoa garatzea da haren xede nagusia.

 Norentzat da?

     Hezkuntza-komunitate osoari zuzentzen zaio:

- Irakasleak dira programaren dinamizatzaileak eta curriculumaren egokitzapenaren arduradun nagusiak.

- Ikasleak benetako protagonistak dira fase guztietan.

- Familiek parte aktiboa dute ikastetxean, antolamenduan, jardueretan arituz eta etxean eredu arduratsuak eskainiz.

- Langile ez-irakasleek programaren antolamenduan, diagnostikoan eta kudeaketan parte hartzen dute.

 Zer lantzen da?

       Eskolako Agenda 21 gai edo arazo baten inguruan garatzen da, eta horretarako programaren helburuak ditu oinarri eta erreferentzia. Jasangarritasuna oso kontzeptu zabala da eta gai ugari hartzen ditu bere barnean. Guztiak dira baliagarriak programa garatzeko. Horien artean hauexek aipa daitezke: biodibertsitatea, klima-aldaketa, hondakinak, kontsumo ohiturak, garraioa eta mugikortasuna...